berria.info

 

Asteartea, 2015eko azaroak 3a.

 

ANALISIA

 

Berritu beharrean dago euskal xakea

 

Josu Tornay – Xakean aditua

 

Jokalarien eta elkarteetako arduradunen artean argi dago euskal xakearen egungo egoera ez dela bereziki ona eta berritu beharra daukala. Azken 15 urteotan ia-ia berdinak dira Euskal Herriko jokalari onenak, torneoetako emaitzak ez dira oso onak, kluben egunerokoa oso intentsitate baxukoa da kasu gehienetan, Ipar Euskal Herria basamortuaren parekoa da ia, eta ez da batere erakargarria federazioetan karguak edukitzea.

Gauza positiboak ere badaude, baina duela 15 urte baino gutxiago. Torneo, klub jarduera eta mugimendu onargarria dago hiriburuetan, baina maila altuko torneoak (Bilboko Masters finala) eta maila altuko klubak (Gros eta Sestao) kenduta, ez dago askoz gehiago. Mario Gomez beteranoa da lehian jarraitzen duen maisu handi bakarra, eta Felix Izetak dauka FIDE elorik altuena, lehiatik aspaldi erretiratu zen arren. Nola liteke?

Gros xake taldearena da arlorik baikorrena. Gorestekoa da Eli Argandoņak egindako lana. Botere handiko kluba eraikitzeaz gain, euskal xakea aberastu du: Jokalari onak sortu ditu Grosek, torneo politak antolatu ditu, eta Gipuzkoako bertako eta beste lurralde batzuetako klubei lagundu die. Azken urteotan lan ona egin dute Sestaon ere, baina galtzeko arrisku handian dago, eskasa delako harrobiko xakea eta lurraldeen barnealdean dagoena.

Miguel Angel Muela Euskadiko Federazioko lehendakariak hiru hamarkada pasatxo daramatza karguan. Nahiz eta askotan kritika gogorrak jaso izan, borondate oneko lana egin du euskal xakea mantentzeko eta elkartzeko, Ipar Euskal Herria eta Nafarroa barne. Egon da aukeraren bat Muela ordezkatzeko, baina klubak ez ditu konbentzitu, arrazoiarekin, ziurrenik. Santi Gonzalez nazioarteko maisu bilbotarrak oso kritiko hitz egin izan du sarritan Euskadiko Federazioari buruz, eta arrazoia izango zuen sarritan, baina hautagai sendo bat behar da aldaketa gauzatzeko, eta orain arte ez da egon.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen kirol lege polemikoa da beste gai bat. Umeak ezin dira federatu 11 urte eduki arte, eta, kasu gehienetan, beranduegi izaten da jada. Lehian hain berandu hasita, ezinezkoa da umeek xakean maila altua lortzea. Xakea ez da futbola edo errugbia, eta umeen garuna 5 edo 6 urterekin has daiteke xakeko estrategiak barneratzen eta torneoetan gauzatzen, inolako arrisku fisiko edo psikologikorik barik. Europar Batasunean bakarra den Eusko Jaurlaritzaren arau horrek min handia egiten dio euskal xakeari. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aurrera egin nahi duten umeek Nafarroan, Ipar Euskal Herrian, Errioxan edo Kantabrian federatu beharra daukate aukeraren bat edukitzeko.

 

http://www.berria.eus/paperekoa/2092/023/001/2015-11-03/berritu_beharrean_dago_euskal_xakea.htm